XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

13.1.- ALDAGAI DIKOTOMIKOA ETA DIKOTOMIZATUA

Bere berezko nortasunarengatik bi eratan bakarrik adieraz daitekeen aldagaiari aldagai dikotomikoa deritzogu.

Adibidez, X aldagaiak sexua adierazten badu, bi eratan bakarrik adieraz daiteke: arra eta emea.

Beraz, sexua aldagai dikotomikoa da.

X aldagaiak bizi-egoera adierazten badu, bi posibilitate bakarrik izango ditugu: bizia eta hila.

Kasu honetan ere aldagai dikotomikoa izango dugu.

Beste kasu batzutan erabiltzen den aldagaia ez da dikotomikoa izango, baina guk honela nahi dugulako dikotomiza dezakegu.

Aldagai-mota honi, aldagai dikotomizatua deritzogu.

Adibidez, talde baten jaioterria aztertzen denean, jaioterria definitzeko erabiliko dugun aldagaia kualitatiboa izango da, baina guk honela nahi badugu, ondorengo eran defini dezakegu aipatutako aldagaia: euskotarra-atzerritarra.

Kasu honetan, aldagai kualitatiboa dikotomizatu egin dugu.

Era berean, ikasle talde baten puntuazioak definitzen dituen aldagaia, aprobatu-suspentso eran defini daiteke.

Hemen ere lehen dikotomikoa ez zen aldagaia, dikotomizatu egin dugu.

Kapitulu honetan, dikotomikoak nahiz dikotomizatuak dauden aldagaien arteko erlazioak aztertu eta neurtuko dira.

Eta erlazio horiek aztertzeko bi talde desberdin bereiztuko ditugu: 1.- Pearson-en korrelazio-koefizientearen aplikazio zuzena diren korrelazio-koefizienteak.

2.- Pearson-en korrelazio-koefizientearen estimazioak diren korrelazio-koefizienteak.

Lehenengo taldean bi izango dira aztertuko ditugun korrelazio-koefizienteak:.